PM 1sekt (3) Ederki 2015

Lehen sektoreaz eztabaidatuko dute bigarren Pintxo ta Mintzo jardunaldian

  • Urolabek antolatu du ekimena ekainaren 19rako
  • “Janedanean lehen sektorearen egungo egoeraz zein etorkizuneko erronkei buruz hitz egitea da asmoa”

Tradizioan oinarrituta edo berritzailea? Ekologikoa? Etxekoa edota industriala?… Horrelako zein bestelako galdera askoren inguruan hausnartzea bilatzen du Urolabek antolatutako bigarren Pintxo ta Mintzo jardunaldiak. Ekainaren 19an gaueko 20:00tan Arroa Beheko Ederki elkartean antolatu duten ekintzan, Urola bailara osoko lehen sektoreko eragileak elkartu nahi dituzte Urolabekoek. Ekintza irekia da eta lehen sektorean interesa duen edonorentzat dago zabalik. Hori bai, aurrez izena ematea ezinbestekoa da, izan ere mahaiaren bueltan eta jan edanean izango den solasaldiak aforo mugatua du.
Parte hartzaile guztiek bertako produktuekin prestatutako afari apartaz gozatzeko aukera izango dute. Afaria jardunaldien izen-emate kuotaren barnean dago, hau da, 15€. Prezio horretan pintxo dastatze formatuan egindako afaria izango dute bertaratzen diren guztiek, pintxo gozo eta gaziekin, lehen sektoreko erronkez hitz egiten duten bitartean.

Esperientziak ezagutu

Pintxo eta Mintzok elkartutakoen arteko harremana bilatu nahi du, horretarako bertaratutakoen parte hartzea sustatuko da solasaldian.
Maila eta ikuspuntu desberdinetako jendea elkartzea du helburu, eta horien arteko  eztabaidan lehen sektorearen egungo egoera eta etorkizunaz hitz egitea eta zenbait ondorio ateratzea lortu nahi dute antolatzaileek. Tartean sektore horretan dabiltzanen esperientziak plazaratuko dira, berritzaileenetatik tradizionalera, sektoreko prismaren ertz guztiak ukitu nahian. “Azkenean, janedanean sektoreak bizi duen egoeraz eta aurrera begirako bideez hitz egin nahi dugu, beldurrik gabe eta bakoitzaren iritzi pertsonaletatik” diote antolatzaileek. Denen ahotsa da garrantzitsua zentzu honetan, denek dute zer esana, hasi produktoretatik, banatzaile, kontsumitzaile, sukaldari edota transformatzaileetara, bakoitza bere esparrutik eta bere esperientzia zein nahietatik. Guztia kudeatzeko eta denek
beraien iritziak plazaratu ahal izateko moderatzaile bat jarriko dute solasaldia bideratzeko.

Lehen sektorea

Bigarren aldiz antolatu dute Pinxo eta Mintzo ekimena Urolabekoek. Kasu honetan lehen sektorea aukeratu dute eztabaidarako. Sektore hau gure ekonomia tradizionalaren oinarria izan da historian eta gaur egun geroz eta jende gehiagok planteatzen du bertatik bere bizimodua egitea. ¿Baina baloratzen da baserritarren lana? Hori datorren ostiraleko Pintxo eta Mintzoan ikusiko da.

Informazio gehiago

Izena eman edota informazio gehiago nahi dutenek urolabtaldea@gmail.com edo 685 789 318 telefonora jo dezakete. Taldearen informazioan nahi izanez gero, berriz, www.urolab.eus webgunera.

Pintxo ta Mintzo

Tokiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aitzakiarekin aukeratutako gaiaz hitz egin eta bertan elkartutakoen artean solasaldia sustatzea helburu duen ekintza da Pintxo ta Mintzo.
Bakoitzaren iritzi pertsonalak egoera informal batean plazaratu eta besteekin elkartrukatzea bilatzen du Urolabek ekimen honekin.
Unean-unean, beste talde eta elkarteekin lankidetzan antolatu ohi du ekintza hau. Kasu honetan, Arroa Beheko Ederki elkartearekin lankidetzan eta Baserritik.com-en babesletzarekin.

Urolab

Ekintzailetasuna sustatu eta babesteko sortutako taldea da. Ekintzaileei laguntza eta babesa ematea du helburu, baina baita gizartean ekintzailetzaren arra piztea. Taldeak bailara osoko udalen babesa lortu du, baita Iraurgi Berritzen tokiko garapen agentziarena edota Gipuzkoako Foru Aldundiarena zein bestelako eragile batzuena. Eguneroko jardunean bailarako eta bestelako elkarte, norbanako eta enpresekin eskuz esku dabiltza lanean.

(Argazkia: Baserritik.com)