Petoa Korrika 19 2015

Ederki elkartearen eskutik KORRIKAren egitaraua Arroa Behean

  • “Gu euskahaldunak gara” dokumentala emango da
  • KORRIKA Arroatik igaro ondoren txokolatada izango da

 

Ederki elkarteko zuzendaritzak Korrika batzordearekin egindako bileren ondoren Arroa Beherako egitaraua osatu dugu. Ekintzak gastronomia elkartetik bideratu baditugu ere, auzoko Ezkaizto auzo elkartearekin eta Sakulupe guraso elkartearekin ere lankidetzan jardungo gara.

Asmoa euskaltzaleon zita garrantzitsu horretan Arroa Beheak eta elkarteak bere aletxoa jartzea da. Horrela, Korrika kulturalaren barnean, martxoaren 18an, asteazkenean, San Jose egunaren bezperan “Gu euskahaldunak gara” 19.Korrikarentzat ekoiztutako dokumentalaren emanaldia egingo dugu elkarte bertan. Emanaldia arratsaldean izango da 19:00ak eta 21:30 bitartean. Gainera, tarte horretan pintxoak dastatzeko aukera izango dugu bertan eta Ederki elkartea taberna moduan zabalduko da.

Egun handia ordea igandean iritsiko da. Izan ere, martxoaren 22an 17:00ak aldera pasatuko da Korrika Arroa Behe paretik. Zumaiatik Azpeitirako noranzkoan igaroko da Bombas Azkue eta autobus paradako errepidetik.

Egun eta une horretan auzotik ahalik eta jende gehien biltzea espero da korrikalarien multzoan. Arroa Behean ere euskahaldunak garela munduari erakusteko.

Baina festa ez da amaituko Korrika bertatik igarotzean, 18:30ak aldera, txokolatada izango baitugu auzoko frontoian indarrak berreskuratu nahi duen ororentzat. Ekintza hori auzo-elkartearekin batera lankidetzan egingo da.

Azkenik, jai giroko egitaraua ixteko, martxoaren 23an astelehenez goizeko 11:30etan Korrika txikiak auzoa hartuko du bere kanta alai eta guraso elkarteko kamiseta berdeekin. Auzoko eskolaka eta guraso elkarteak lagundutako ekintza auzotar zein kanpotar guztiei zabalik egongo da, ez bakarrik etxeko txikienei.

 

Bazkide berriak

Arroa Beheko Ederki elkarteak jakinarazi nahi du, bide batez, elkarteko bazkide izateko plazak daudela. Horrela interesa dutenek bertan galdetu ahal dute, edota bertako bazkideetako batekin harremanetan jarri.

Urepeletik Bilbora Euskal Herria euskahaldundu dezagun!