Programa ES San Isidro 2015

Ederki Elkartearen 40.urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu dute astebururako

Isidro Deunaren egunaren baitan txertatu dituzte ekintzak
1975ean hasi ziren auzotarrak Arroa Beheko Ederki Elkartea kudeatzen. Aurten 40 urte betetzen dira eta ospatzeko gogoz daude bertakoak. Horregatik, Isidro Deunaren jaiak hartuko dituzte mugarri dataren eta 40.urtemugaren ospakizuna egiteko. Egitarau zabala prestatzen saiatu dira, eta urtean zehar ere ekintzak egiten. Asmoa da auzoa bizirik mantentzea eta orain berrogehi urte ereindako hazi hura ureztatzen jarraitzea, hasi den zuhaitzaren enborra ihartu ez dadin.
Ostegunen honetan bertan, arratsaldeko 19:00etan, gure ingurura begiratu eta dugun krisia beste begi batzuekin ikusteko ahalegina egingo dute. Nekane Jurado ekonomista eta psikologoak lagunduko die, bertaratutako guztiei, bihotzean zentratutako ekonomia bat eraikitzen. “Krisia? Bai zera!” deitu diote hitzaldiari eta ikusentzuleen partehartzea bilatuko du ekonomian ezohikoa den kaleko hizkuntza arruntan.
Ostiralean, berriz, inguruan dutenari balioa emango diote. Izan ere, Arroako sagardoa eta bailarako gazta zein txorizoa dastatzeko aukera egongo da Arroa Beheko frontoian. arratsaldeko zazpietan hasita trikitilariek alaitutako txotxa eta festa izango da auzoan. Sagardo eguna beste urteetatik datorren ohitura da eta bat egiten du beti Isidro Deunaren egunarekin.
Azkenik, eta asteburuko egitarauari urrezko itxiera jartzeko, ekintza nagusiak larunbatean izango dira. Larunbata ezarri baitute Elkartekoek urtemuga egun moduan. Horrelako auzolaneko ekintzetan zaila izaten da data zehatz bat finkatzea, baina ahalegindu dira. Gainera, dagoen dokumentazioaren arabera, 40 urte betetzen dira elkartea auzotarrek kudeatzen hasi zirela Zestoako Udala, Gipuzkoako Elizbarrutia eta Cementos Rezolaren (orduan Arroan zegoen fabrika) oniritziarekin. Baita datan bat eginik, 30 urte betetzen dira 1985ean lehen estatutu legalak eta forma legala hartu zuenetik elkarteak.
Datak baliatu dituzte egunaren nondik norakoa zehazteko, eta egitaraua 12:30tan egingo den meza nagusiarekin zabalduko dute. Elkartearen alde lan egin duten guztien omenez.
Meza amaituta eta bertso zein trikitiarekin alaituta, Ederki Elkartearen birzabaltzea egingo dute. Hau izango da urtemugaren ekitaldi nagusia eta beste horrenbeste urtetan ere elkarteaz gozatzeko aukera izatea espero dute. Ondoren eta euskal kantuz alaituta auzo-bazkaria egingo dute (helduak 20€ eta haurrak 7€, salgai estankoan, Lourdesen, fruta dendan eta elkarteko ordenagailuan) gau partera arte luzatuz arratsaldeko kantu-poteoarekin. Gainera, arratsaldean eta bazkarian parte hartu duten haurrentzat eskulan tailerrak izango dira.
Ekintza guztiak Ederki Elkarteak Zestoako Udalaren babesarekin eta beste zenbait taldeen laguntzarekin antolatu dira.
Ederki Elkarteak: 40 urte!!